XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Ai ene errukarria! -oihu egin nuen erdi haserre, erdi izuturik.

Zeuk egin diozu deabrukeriaren bat!

Zeuk ikaratu duzu.

Emaidazu ene haurra; emaidazu, ba!

Hitz hauek garrasika esan nituen, ezin urduriago zolua ostikatzen nuelarik.

- Lasai, gizona! -apopiloak, mespretxuzko irribarre ezain batez- umea artega dago, eta horrela jokatuz gero, are urduriago ipiniko duzu; egon isilik eta laster hasiko bide da hizketan.

Belaunen gainean eduki dut puxka batez, baina txoriñoak ez dit esaterik izan zer duen.

- Utzi haurra bakean -oihu egin nuen ihortziri mintzo batekin; bakean uzteko!

Hilotza bezain geldi zegoen haurra harturik, zutik jarri zuen leiho ondoan, bera ere zutunduz, hauxe baino esaten ez zuela:

- Lasaitzen zarenean zernahi galdetzen badidazu, gogo onez erantzungo dizut.

Umea gaixorik dago.

Izutu duen zerbait ikusi duelakoan nago.

Hau esanda gelatik irten zen.

Ameskaitz ikaragarri baten erdian mintzatzen, ikusten eta ibiltzen ari nintzela iruditu zitzaidan.

Haur laztana besoetan hartu eta amarengana eraman nuen.

- Zer da hori? Jainkoaren izenean, zer gertatu da? -amak, garrasika, haur gaixoa bera bezain zurbil bihurtzen zelarik.

- Egongelan aurkitu dut, eta gizon edo deabru horrek altzoan zeukan, begietara so egiten zion bitartean.

Erabat izuturik dago.